2. Familiei laguntzeko politika
eredu nagusiak Europan
Txosten honen lehen kapituluan adierazitakoaren arabera, herri administrazioak familiei laguntzeko egiten dituen esku-hartzeak ez dira neutralak eta gizarte-eredu jakin bat lortzera bideratzen dira. Bide horretan, bada, eragina dute jaiotza-tasaren orientazioak, familia-harremanen pribatutasunak (familiaratze-prozesuen edo disfamiliaratzearen bidez) edo aukera-berdintasunak, besteak beste.
Hori dela eta, alde nabarmenak aurkitzen ditugu herrialde desberdinetan, eredu batzuetan familiei laguntzeko politikak argi eta garbi baitaude orientatuta jaiotza-tasa eta zerbitzuen unibertsaltasuna sustatzera, eta, beste batzuetan, ordea, esku-hartze publikoa haurren babesik gabeko egoera posibleetan soilik ematen baita.
Horrenbestez, kasu batzuetan sistema unibertsalistak aurkituko ditugu, eta, beste batzuetan, aldiz, baliabide murritzak dituzten familientzako esku-hartzeak soilik aurreikusiko dira (means-tested). Era berean, eredu batzuetan gehiago babesten da haurtzaroa eta beste batzuetan adineko pertsonen edota mendetasun-egoeran dauden pertsonen babesak garrantzi handiagoa dauka. Azkenik, jarduera publikoa bideratzeko eredu desberdinak ikusiko ditugu, kasu batzuetan bideratze hori zuzena izango baita eta beste batzuetan hirugarren sektoreko erakundeen (laikoak edo erlijiosoak) bidez emango baita.
Aldagai horiek batzean, egile desberdinek sailkapenak ezarri ahal izan dituzte Europan familiaren arloan dauden politika publikoko ereduen gainean, eta, nahiz eta horien artean aldeak dauden1, puntu ugari errepikatu egiten dira.
Txosten honen xedeetarako, familiei laguntzeko erakunde arteko II. planak egindako sailkapena jarraituko dugu, eredu horietako hiru hautatuta: eskandinaviarra, kontinentala eta mediterraneoa, EAErako errealitaterik hurbilenak eta erreferentzialenak baitira. Horien ezaugarri nagusiak, bada, honakoak dira:
Eskandinaviarra: aukera-berdintasunean, uztartzean eta emakumeen laneratzean oinarritua, haurren ongizateari bereziki erreparatuta. Prestazio familiarrak zergen bidez finantzatzen dira eta gizarte zibilaren eta gobernuaren arteko lankidetza-ereduaren bidez egiten da lan. Eredu horretatik Danimarka, Norvegia, Suedia eta Finlandia aztertu dira.
Kontinentala: Subsidiariotasunaren printzipioaren eragina daukan Europako erdialdeko eredua. Politika familiarretan, historikoki, familia-buruaren kontzeptua nagusitu izan da. Haurrak eta emakumeak familien harremanen menpe egon daitezke. Prestazio familiarrak kontribuzioen eta zergen artean finantzatzen dira eta gizarte zibilak zeregin garrantzitsua dauka politikak ezartzeko orduan. Multzo honetan sartuko lirateke Frantzia, Belgika, Luxenburgo, Herbehereak, Alemania eta Austria, eta, apur bat aldenduta, Erresuma Batua eta Irlanda.
Mediterraneoa: Sistema kontinentalarekin hainbat antzekotasun ditu eta gizon sustengatzailearen ereduaren intentsitate historikoa altuagoa da. Estatuak babes ez oso intentsua ematen du eta familiaren jarduera bizia da. Hirugarren sektorearekiko harremana ahula da eta arlo horretako finantzazioak urriak. Bestalde, gizarte-erakundeek ez dute laguntzen politikak garatzeko orduan. Talde honetan Espainia, Italia eta Portugal aztertu dira.
Edonola ere, ez dira esparru estanko eta baztertzaileak. Sailkapen honek zerikusi handiagoa dauka estatuaren ulermenarekin eta estatuak beste gizarte-agente batzuekiko ezartzen duen harremanarekin, banaketa geografiko zorrotz batekin baino.
Berez, eta multzokako sailkapen hauek egindako azterketa desberdinetan oso ohikoak diren arren, batzuetan nahasleak dira. Izan ere, herrialdeen politikak aldatu eta garatu egiten dira gobernu baten edo bestearen zeinuaren arabera, eta, horrez gain, zenbaitetan ekintza-ildo jakin batean eredu baten ezaugarriak hartzen dituzte eta beste politika batean beste eredu batenak. Horrenbestez, eredu baten ezaugarri nagusiak dituzten herrialde edo eskualdeez mintza gaitezke, baina baita beste bati lotutako ezaugarri partzialez ere.
Adibide bat jartzearren, eredu mediterraneoaren izenak Italia edo Espainia bezalako herrialdeentzat kokapen erreferentziala ezartzen du, baina ez da irizpide hertsiki geografikoa denik pentsatu behar. Izan ere, Frantzia, kokapenagatik, eredu horretan sartuko litzateke, baina bere politika publikoak ezin dira sailkapen horretan kokatu. Bestalde, Irlanda, adibidez, kokapenagatik herrialde kontinentala da, baina sarritan bere politikak eredu horretakoez bestelakoak dira. Horixe gertatzen da, kapituluan zehar ikusi ahalko dugunez, EAEren kasuan, ezaugarri mistoak baititu.
Azterketa pertsonalizatuagoa egiten badugu, antolaketa-modu desberdinak aurkitzen ditugu herrialdearen arabera, nahiz eta ia guztietan bi jarrera berdin aurki ditzagun:
Batetik, familiaren gaineko eskumen nagusiak dituen ministerio bat egon ohi da. Normalean, “Familia eta Gazteria”, “Gizarte Zerbitzuak eta Familia” edo “Ekonomia eta Familia”.
Bestetik, familia-politikak koordinatzen dituen organismo bat egon ohi da, eremu honetan, neurri zehatzez gain, etxebizitza edo hezkuntza bezalako arloak hartu behar baitira kontuan, zeharka.
Hurrengo azterlanetan ikusiko ahalko denez (azterketa zehatzeko 3. eranskineko 1. taulan kontsulta daiteke), familiei laguntzeko politika aurreratuenak dituzten herrialdeek egitura-garrantzi handiagoa ematen diete familiei beren gobernu-antolakuntzetan, zeharkako eskumenak dituzten lan-taldeen bidez (edo ministerioko sailen bidez), eraginkortasunez jardun dezaten familiei laguntzeko neurriak diseinatzeko orduan gobernu-eremu desberdinetan.
Antolakuntzaren gaineko jardunbide onak daude Frantzian (zeharkako eskumenak eta monitorizazio-gaitasuna dauzkan lan-talde zehatz bat dago), Suedian (zuzenean lehen ministroaren bulegoaren menpe dagoen koordinazio-bulego bat dago eta bertan ordezkatuta daude alderdi politiko nagusiak, denboran zehar iraungo duten politika adostuak diseinatzeko) edo Belgikan (ministerio arteko gaikako batzorde bat dago).
1 Eremu honetan beharbada desadostasunik handiena zera da, Esping-Andersenek ukatu egiten duela eredu mediterraneo propio bat dagoela (kontinentalaren muturreko aldagaia dela iritzita) eta beste egile askoren ustez (tartean azterlan hau) ezaugarri desberdin baino berdin gehiago dago esparru mediterraneoko herrialdeen barruan.